Prestakuntza

Industriaren garapen teknologikoaren alde dihardugu

LORTEK Goierriko Berrikuntza poloan dago; prestakuntza, ikerketa eta enpresaren elkargunean.
Prestakuntza da poloaren eta gure inguru teknologikoaren zutabe nagusietako bat.

IWE Soldaduren Nazioarteko Ingeniaria

Prestakuntza hau Soldaduren Nazioarteko Institutuak (IIW) antolatutakoa da eta IIWk egiaztatutako zentroetan eskaintzen da, berak zehaztutako ildo eta programetan oinarrituta. IIWk Soldadura eta Lotura Teknologien Espainiako Elkartea (CESOL) egiaztatu du soldaduran jardungo duten langileen formazio eta kualifikaziorako Espainiako erakunde nazional gisa, Soldatzaile mailatik hasi eta Soldaduraren Nazioarteko Ingeniari mailaraino.

CESOL elkarteak LORTEK egiaztatzen du, halaber, Soldadura Ingeniari/Teknikari prestakuntza eskaintzeko. Formazio honek produkzio soldatuen kontrolean eskaturiko titulazioak lortzeko prestakuntza eskaintzen du egituren, EN 1090-2, EN 1090-3, trenbideen, EN 15085 nahiz ISO 3834 orokorreko sektoreen araudi espezifikoetan zehazturiko betekizunak errespetatuz; pertsonei ISO 14731 arauan zehazturiko zereginak eta erantzukizunak betetzeko beharrezko formazioa eskainiz.

IWT Soldaduren Nazioarteko Teknikaria

IWE soldadurazko fabrikazioen prozesua egiaztatzeko funtsezko erreferentea izanik, ezinbestekoa da kontrolatu beharreko hainbat zeregin gaitasun tekniko egokiak dituzten langileen ardurapean uzteko aukera izatea. Esparru honetan, EN ISO 14731 arauak zehazten ditu, IWT teknikariak bete beharreko funtzio eta zereginak ere.

IWE profesionalen kasuan bezalaxe, bertako ikuspegiak eta ezagutzak IWT teknikarientzat definituriko alderdi berak betetzen ditu, baina azken hauen egitekoa alderdi operatiboan eta exekutiboan zentratzen da; IWE ingeniariak alderdi analitikoaz arduratzen direlarik.

Soldadura (IWE/IWT), Robotika eta Ikuskapen Digitala masterra

Soldadura (IWE/IWT), Robotika eta Ikuskapen Digitala masterrak ikuspegi integraletik (prozesuak, materialak, diseinua eta kalitatea) soldaduraren eta ikuskapenaren arloan trebakuntza espezializatua nahi duten eta prozesu horiek automatizatzeko eta digitalizatzeko soluzioak definitzen, diseinatzen eta balioztatzen buru izango diren ikasleak trebatu nahi ditu.

Masterra erdipresentziala da; 4 bloke ditu, eta eskola presentzialak, CESOL plataformaren bidezko online trebakuntza, tutoretzak eta eskola praktikoak konbinatzen ditu.

Masterrean, 20 ECTS-ko master-amaierako proiektu bat egin beharko da, eta enpresa batean praktika ordainduak egiteko aukera izango dute ikasleek.

Fabrikazio soldatuaren kontrolerako ikastaroa

IWE edota IWT titulazioetarako prestakuntzak soldaduren produkzio prozesuan eragin zuzena izango duten profesional tituludunak formatzea du helburu. Halere, zenbait kasutan badira hainbat profesional: kalitate kudeatzaileak, tailerreko buruak eta saltzaileak, besteak beste, beren jarduera nagusia soldatze prozesua izan ez arren, ezagutza minimo batzuk jakin behar dituztenak, beren produktuaren sektorea nahiz bezeroek eskatutako betekizunak ulertzeko.

Horregatik eta horretarako diseinatu da ikastaro hau, profesional horiei soldaduren produkzioaren xehetasunak hobeto ulertzeko informazioa eta tresnak eskaintzea helburu nagusi duena.

Laser soldadura ikastaroa

Ikastaroaren helburua espezialista eta teknikarientzako laser teknologiaren hastapenak eskaintzetik hasi eta laser teknologiak produktuetan eta enpresen prozesuetan duen garapena azaltzeraino zabaltzen da.

Laser teknologiaren, bere aplikazioaren, soldadura moten eta materialen formazio teorikoa eskaintzeaz gain, sistema mota horien demostrazio praktikoa ere egiten da.

Fabrikazio Gehigarri Industrialeko Masterra

Fabrikazio Gehigarri Industrialeko Masterrak 4.0 Industriaren iraultzan traktore izan den teknologietako baten oinarri zientifiko eta teknologikoetan trebatzen du ikaslea: Industriako Fabrikazio Gehigarrian.

Masterraren ikuspegiak materialen zientziatik hasi eta diseinu eta fabrikazioaren optimizaziorainoko zientziak azaltzeaz gain, fabrikazio paradigma berriarekin loturiko negozio-ereduak aztertzeko alderdiak ere biltzen ditu (digitalizazioa, bezeroaren ahalduntzea, fabrikazio banatua…).

Horrez gain, landuko diren gaitegiak eta metodologiak lidergo teknologikoa eta ekintzailetasunarekin loturiko konpetentziak garatzen lagunduko dio ikasleari, enpresen egungo nahiz etorkizuneko errealitateetan Fabrikazio Gehigarriareen alorreko teknologiak ezarri eta sustatzeko ezinbestekoak direnak.

Ezagutza eta konpetentzia horiek guztiek moldakortasun handia eskaintzen diote ikasleari, izan ere, Fabrikazio Gehigarriaren alorrean materiala/fabrikazioa/diseinua trinomioa menperatzeak gainerako teknologia konbentzionalekin jardutea ere ahalbidetzen dio (galdaketa, plastikoen injekzioa…), eta gaitasun hori ez da hutsala kontrako noranzkoan ere.

Industriara bideratutako neurrira eginiko prestakuntza

Gaitegi finkoa eskaintzen duten aldizkako prestakuntzak eskaintzeaz gain, Lortekek badu neurrira eginiko ikastaroak emateko gaitasuna ere, industriako formazio-behar jakinei erantzuteko bereziki diseinatzen direnak.

Loturei dagokionez, horien aplikazioa oso alderdi garrantzitsua da industriako prozesuen barruan, eta beraz, teknologia berrien aplikazio horiek integratu, ulertu eta eguneratzeak esfortzu gehigarria eskatzen die enpresei. Lortekek bezeroaren etxean bertan edota Ordiziako egoitzan dituen fabrikazio aurreraturako zeluletan eskaintzen du eskaera horiek asetzeko prestakuntza.