12-06-2026

Lortek-ek segurtasun industrialari aplikatutako teknologia kuantikoen garapena bultzatzen du

LORTEK Cervera QUIXOTE Bikaintasun Sareko kidea da. Ekimen horren helburua, segurtasunari eta sektore estrategikoei aplikatutako teknologia kuantikoak garatzea da. Proiektuaren helburua da ezagutza berria sortzea, irtenbide berritzaileak garatzea eta autonomia teknologikoari laguntzea, etorkizunerako funtsezkoa den esparru batean.

Teknologia kuantikoek aukera berriak eskaintzen dituzte komunikazio seguruetan, sentsorika aurreratuan edo doitasun handiko nabigazioan. QUIXOTEren bidez, zentro parte-hartzaileek elkarrekin lan egingo dute teknologia horiek merkatura hurbiltzeko eta ingurune errealetan errazago aplikatzeko.

Testuinguru horretan, LORTEKek zeregin nabarmena izango du teknologia kuantikoen bidez hobetutako sentsore inertzialen garapenean. Horretarako, banku esperimental bat sortuko du, sentsore horiek baldintza kontrolatuetan probatu eta baliozkotzeko aukera emango duena, eta, besteak beste, zuntz optikoan oinarritutako giroskopioak erregimen kuantikoan jarduten dutenean nola erabiltzen diren ebaluatuko duena.

Gainera, LORTEKek sentsore kuantikoen sareen simulazioa gidatuko du, hainbat konfigurazio aztertzeko eta aplikazio bakoitzaren arabera ekar ditzaketen abantailak aztertzeko.

Cervera QUIXOTE Bikaintasun Sareak hardware zein software garapenean lan egingo du. ITECAM, GRADIANT, I2CAT, FIDESOL eta LORTEKek osatzen dute partzuergoa, eta kideen gaitasun zientifiko eta teknologikoak indartzea du helburu, komunikazioen, sareen eta sentsorika kuantikoaren alorretan, besteak beste.

I+Gko jarduerak bi zutabe nagusiren inguruan antolatzen dira. Lehenengoak kuantikoki seguruak diren komunikazioak ditu ardatz, eta informazioa oso segurtasun-maila handiz transmititzeko gai diren sistemak garatzen ditu. Lehendik dauden teknologiekin lan egingo da, hala nola QKD, eta oraindik ikertzen ari diren proposamen berriekin, hala nola QCKArekin, sare-mota desberdinetan probatuz eta gaur egungo zibersegurtasun-teknikekin integratuz.

Bigarren zutabea sentsorikara eta nabigazio kuantikora bideratuta dago. Arlo honetan sentsore aurreratuak ikertuko dira posizionamendua eta nabigazioa hobetzeko GPSaren menpe egon gabe, radar sentikorragoak, detekzio magnetikoko sistemak eta zehaztasun handiko nabigazio inertzialeko teknologiak barne. Helburua da haien errendimendua ebaluatzea baldintza zorrotzetan eta GNSS eskuragarri ez dagoen edo fidagarria ez den inguruneetan.

ITECAM da partzuergoaren buru. I2CAT eta FIDESOLekin batera, komunikazio kuantiko ultra seguruen sareetan eta enkriptazio postkuantikoan oinarrituko du bere ahaleginaren zati bat. GRADIANTek eta LORTEKek, berriz, ikerketa-jarduerak egingo dituzte sentsore kuantikoetan, eta arreta berezia jarriko dute diamanteko nitrogeno-hutsuneetan oinarritutako magnetometroetan eta Rydberg atomoetan oinarritutako irrati-maiztasuneko sentsoreetan.

QUIXOTEk aurrerapen handia ekarriko du teknologia kuantikoen garapenean eta aplikazioan, eta aukera emango du soluzio berriak aztertzeko eta ingurune errealetan erabiltzeko behar diren baldintzak zehazteko. Sareak gizarte-, industria- eta segurtasun-arloetako aplikazioetara bideratuko du bere ikerketa, aurrerapen horiek laborategitik sistema eta zerbitzu errealetan integratzeraino transferitzea erraztuz.

Halaber, parte hartzen duten zentroen ikerketa-gaitasunak indartzen lagunduko du proiektuak, langile espezializatuen prestakuntza sustatuz eta zientzia eta teknologiako jardueretan emakumeen berdintasuna eta parte-hartzea sustatuz.

Irakurri albiste osoa: https://www.interempresas.net/MetalMecanica/649500-Lortek-desarrollara-tecnologias-cuanticas-aplicadas-a-la-seguridad.html