Adimen artifizialak soldaduren kalitatea iragartzeko duen ahalmenean oinarritutako irtenbidea. Arkuzko soldadura robotizatuko zelula baten oinarritik abiatuta, hainbat iturritatik biltzen dira datuak: soldadura-ekipamenduetatik, kanpoko sentsorikatik eta robotetatik. Horrela, loturaren kalitatean ondorio handiena duten soldadura-prozesuaren aldagaiak monitoriza daitezke.
Soldatutako loturen kalitatea ebaluatzen duten puntu kritikoak, neurri handi batean, parametro geometrikoak dira. Horiek lotura tipologia bakoitzean aplikatu beharreko araudia bete behar dute. Hori dela eta, laser-perfilometrian oinarritutako ikuskapen-sistema bat dugu, zeinak loturaren gainazalaren profilak lortzeko aukera ematen baitigu, ondoren seinale horiek prozesatu eta emaitza geometrikoak lortu ahal izateko.
Bi datu-iturri horiek sinkronizatu egiten dira, une jakin bakoitzari datu-iturri bakoitzeko erregistro bakarra egokitu dakion. Horrekin guztiarekin, adimen artifizialeko ereduak eraiki daitezke, egindako soldaduren datu historikoekin trebatuz; horiek loturaren geometriari buruzko iragarpenak egiteko aukera ematen dute, ikuskapen-sistema batek egiaztatu aurretik edo halako bat erabiltzeko beharrik gabe.
Erronkarik handiena eredua ezagutza aditu egokiarekin elikatzea da. Hau da, iragarri beharreko parametro geometrikoen neurketa zorrotzak egin behar dira, eta dagozkien prozesu-datuekin sinkronizatu.